21/10/20

Portuko mugikortasun-proposamenaren aurrean

Joan den astean Hondarribiko Udalak harritu egin gintuen Matxin Artzu kalean, Zuloaga kalean eta Butron pasealekuan ibilgailuen zirkulazioari eragiten dion mugikortasun-proiektu bat abian jarri zela iragarri zuenean. Batetik, programa pilotu hori abian jarriko zela iragartzeko modua traketsa izan zen; izan ere adostasun handiko proposamena lortzen saiatu baitziren, baina harreman zuzena duten alderdieei aurkeztu gabe. Bestetik, handik egun gutxira, udalak atzera egin zuen, eta proiektua bertan behera utzi zuen azaroaren 3ko mugikortasun-mahaiaren bilerara arte, ahulezia itxura emanez eta mugikortasun iraunkorra zer den oso argi ez edukiz.


Gauzak egiteko modu hau harrigarria da, joan den Mugikortasunaren Astean Kostako errepidearen proiektua aurkeztu zeneko metodologiarekin alderatuta guztiz desberdina izan delako: bertan, plana azaldu zen, bilerara joan ziren pertsonek egindako proposamen ugariak jaso ziren, bide horri eragiten dioten arazoak bertatik bertara ikusteko bisita bat egin zen, eta datozen hilabeteetarako zenbait bilera programatu ziren aipatutako proiektua eztabaidatzeko.

Balaztak uste du udalak egindako proposamena, Butron pasealekutik bizikletak ibiltzea debekatzeari dagokionez, kontraesankorra dela, neurri horrek ez duelako bizikletaren erabilera sustatzen, mugikortasun berriak eskatzen duen bezala, baizik eta, alderantziz, txirrindularia desanimatzen duela. Pentsatzen dugu, Hendaiako pasabidean bezala, posible dela txirrindularien eta oinezkoen arteko elkarbizitza, beti horiei lehentasuna emanez eta zirkulazio-abiadura mugatuz. Udalaren proposamenean, gainera, bizikleta galtzadatik zirkulatzera behartzen da, bi aldeetan aparkalekuak dituzten kale estuetan, non autoak aurreratzeko aukerak urriak diren eta txirrindularien segurtasuna zalantzan jartzen den. Gainera, galtzadatik bidegorrira egindako sarrerak gaizki planteatuta daude, eta ez dago beharrezko segurtasunik.


Gai honek zerbait positiboa izan badu, berriz ere mugikortasuna lehentasunezko gai gisa jartzea izan da. Jada ez dira plan eta proiektu teorikoak, horien aplikazioa eta herritarrengan duten eragina baizik. Gure ustez, HMJP (Mugikortasun plana) tresna garrantzitsua da mugikortasun berria garatzeko. Udalak aho batez onartu zuen, eta Mugikortasun Mahaia, berriz, hondarribiarren ekarpenak bateratzeko eta parte hartzeko tresna da.


Herritarrak eta elkarteak Mugikortasun Mahai honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, proposamenak eta ekarpenak adostasunez bideratzen saiatzeko. Badakigu, mugikortasun berriaren arabera, oinezkoari, txirrindulariari eta hiri-garraioari lehentasuna eman behar zaiola eta auto pribatuaren erabilera murriztu. Mugikortasun berriak aldaketa garrantzitsua dakar orain arte izan dugun mugitzeko modua aldatuz, eta, aldaketa guztiek bezala, bere denbora beharko dute. Hortaz, barneratze eta informazio-kanpainak egin behar dira; horrela, herritarrak proposamen eta proiektu berrien jakinean, eta mugikortasun berriak oro har dakarrenaren jakinean egongo dira.


Balazta Mugikortasun Mahaian egongo da, orain arte egin dugun bezala, txirrindularien segurtasuna defendatuz eta bizikletaren erabilera sustatuz hiriko garraiobide gisa.


Hondarribia, 2021eko urriaren 12a.