22/1/12

           

Txirrindulari bat hil da auto gidari batek harrapatuta.

    Kalapie, Gurpilartea, Laguntasuna TXE, Balazta, OTXE Oarsoaldea Txirrindulari Eskola, Lartaun, Girizia, HTE Hondarribiko Txirrindulari Elkartea eta Club Ciclista Irunes Elkarte Gipuzkoarrek gure doluminak eman nahi dizkiegu larunbat honetan Gaintxurizketan auto batek harrapatuta hil den 43 urteko txirrindulariaren senide eta lagunei. Hasi berri dugun urte honetan Gipuzkoako errepideetan hil den lehen txirrindularia da. Espero dezagun azkena izatea.

    Gaintxurizketa inguruan lehen ere honelakoak gertatu izan dira, ez da lehen aldia: 2008ko abuztuaren 23an 60 urteko txirrindulari britainiar bat hil zen, orduan ere Gaintxurizketan, kamioi batek harrapatuta. 2009an, berriz beste harrapaketa larri bat izan zen, txirrindulariak autoaren azpian bukatu zuen. Lezon, 2014an, Gi-636 errepidean, Gaintxurizketako gainera iritsi baino pixka bat lehenago, 5 txirrindulariko talde batean auto batek bi zauritu larri eragin zituen. Ez da kasualitatea; Irun eta Errenteria arteko bidea etengabeko arriskua da txirrindularientzat, puntu beltz bat. Ibilbide horretan abiadura handian dabiltza ibilgailuak, merkataritza-guneetarako sarbide garrantzitsuak daude eta auto eta kamioi ugari egunero, txirrindularientzako inolako babes aukerarik eskaini gabe.

    Urte asko daramatzagu Gipuzkoako Foru Aldundiari (GFA) Irun eta Errenteria lotuko dituen Bidegorri bat eraiki dezala eskatzen, erregutzen eta exijitzen. Baina gaur egun ez dakigu proiekturik dagoen, eta ustez, ez dago etorkizuneko ibilbidea diseinatuta ere. Are larriagoa da kontua, Irun/Hondarribia eta Errenteria arteko ibilbidean bidegorri bat dagoela adierazten duten hainbat seinale daudelako. Bidegorri hori ez da existitzen, eta, jarraituz gero, bertatik irtetea zaila da, abiadura handian doazen auto asko daudelako. Alde horretatik, arren kartel horiek kentzeko eskatzen dugu.

    Ahiduraz laister hiltzeko zorian izango den Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana gauzatzea aldarrikatu dugun bakoitzean, tarte hori lehenetsi dugu. Hori horrela izan da, Eurovelo sarearen penintsularako sarrera delako eta GFAk EDERBIDEA proiektua praktikan jartzeko konpromisoa hartua duelako. Gainera, azken finean, urtero bisitatzen gaituzten milaka txirrindularien Donostiako sarrera da. Bada garaia GFAk propaganda gutxiago egiteko eta txirrindularientzako azpiegituretan gehiago inbertitzeko.

    Era berean, txirrindularien segurtasuna bermatzeko eskatu nahi diogu Ertzaintza eta Trafiko sailari, isuna jar diezaiela txirrindulariak aurreratzeko gorde behar duten arauzko distantzia errespetatzen ez duten auto-gidariei.

    Azkenik, txirrindulari elkarte guztietatik, berriz ere gure doluminik sakonena helarazi nahi dugu eta besarkada handi bat bidali bere familia eta lagunei.
Biktima omentzeko eta agintariei arreta emateko, larunbat honetan, urtarrilak 15, Irun-Hondarribia eta Errenteriatik irten eta Gaintxurizketan elkartuko diren bizikletazko irteera egingo da. Topaguneak Errenteriko Zumardian, eguerdiko 12-tan eta Irun-Hondarribiko Zubimuxu biribilgunean, eguerdiko 12-tan izango dira.